Gasteizen, 2008ko abenduaren 15a.

Akira!

(Portugesez)         (Gaztelaniaz)         (Ingelesaz)

(* Ezin badezakezu irudiak ikusi, klikatu “Ver imágenes inseguras” buletin honen bukaeran.)

Akira gure artean da, amaren sabel barruko goxotasunetik kanpoaldekora etorri da.

Azaroaren 28an jaio zen, ostirala. Erditzea nahiko luzea eta astuna izan zen.

Asteazken goizaldean Miyukik galera txiki batzuk izan zituen eta likido amniotikoa izan zitekeelakoan ospitalera jo genuen. Han poltsak goialdean haustura bat zuela baieztatu eta Miyuki ingresatu egin zuten.

Erditzea berez hasten ez zenez ostegunean, hilak 27, goizeko 8etan hasi ziren Miyukiri oxitozina ematen. Hormona hori amak era naturalean sortzen du erditze garaian eta bularra emateko garaian, eta artifizialki emanez gero erditzeko mekanismo naturalak pizten ditu.

Orduan hasi zen Miyuki kontrakzioak sentitzen, haurra kanporatzen laguntzen duten umetoki-lepoaren gihar uzkurdurak.

Baina luze jo zuen kontuak, eta ez zen batere erraza izan. Bizikleta bidaian ikusi izan dut Miyuki fisikoki jota, baina erditzen 19 orduz aritu eta gero nola zegoen ikusita alderatzerik ere ez dago.

Ostiral goizeko 3ak aldera kontrakzioak geroz eta indartsuagoak ziren eta Mariasolek, zainketan ari zen emaginak, umetoki-lepoa umea bertatik ateratzeko nahikoa dilatatuta zegoela esan zigun.

Erditze gelara eraman gintuzten, eta Miyukiren eginahal extra batekin, azkenean han agertu zen Akira.

Kanporatu orduko Miyukiren bular gainean jarri zuen emaginak. Aurrez aurre lehenengo aldiz, berdin zion ordura arteko neke guztiak, muxuak eta zorion bete-betea.

Minutu batzuetara zilbor-hestea moztu zuen emaginak, haurra eta ama batzen zituen azken lotura fisikoa, eta niri eskaini zidan neuk ere besarka nezan.

Sekula ez dut ahaztuko haren gorputz txikia lehenengoz heldu nueneko unea eta ekialdetar begi eder horiek inguru guztiari begira jarri zirenekoa non ote zegoen galdezka ariko balitz bezala.

Pisatu egin zuten (3,4 kg), neurtu (51 zm) eta beste zenbait protokolo mediko osatu ostean ospitaleko gelara itzuli ginen berriro. Han atseden hartu ahal izan zuen Miyukik eta senitartekoek txikia ezagutu ahal izan zuten. Ordu batzuetan gozatu genuen harekin, baina arratsaldean, bat-batean, analisietako batek erakusten zuenaren arabera haurrak infekzio txiki bat edukitzea litekeena zela esan zigun sendagile batek, eta jaioberrien gunean ingresatuko zutela uneoro zainduta egoteko.

Egun zailak izan ziren hiruontzat. Miyukik bularra eman ziezaion sartzen ginen barrura eta harekin ordubete egin ostean atera eta beste bi ordu itxaron behar izaten genuen berriro sartzeko. Horrela gau eta egun 5 egunez.

Zorionez azterketa berriek alarma faltsua zela argitu zuten eta joan zen asteazkenean etxera ekarri ahal izan genuen hiruon bizitzako etapa berri bati ekiteko.

Txagorritxu ospitaleko taldea zoriondu nahi dugu erakutsitako profesionaltasunagatik eta gorputz eta arima lan egiteagatik.

Zer esan txikiaz? Egun apur hauetan Akirak ume lasaia dela erakutsi du. Ez du negar asko egiten, eta egiten duen gehienetan jateko gogoz dagoela erakusteko da; Miyukiren bularrean kokatu eta lasai geratzen da. Harritu egin gaitu hain pertsona txikiak zenbat jan dezakeen ikusteak. Lotarako, berriz, oraingoz arazo handirik ez duela dirudi eta 3-4 ordu egiten ditu jarraian jatekoa eskatzen duen arte.

Halako pertsonatxo bat iristen zaizunean zertan aldatzen den bikote bizitza? Lehentasunak aldatu egiten dira, eta guztia haren beharren arabera planteatzen da. Horrela egun batzuk egin ostean jabetzen zara behin behar horiek osatutakoan norbere gauzak egiteko ia denborarik ez dela geratzen.

Hori bai, haurrari esker bakean eta alai zaude uneoro, haren aurpegia ikusi besterik ez dago energiak gora egiteko. Esna dagoela besoetan hartzen duzuneko unea da magikoena, edozein gauza ulertezin esaten edo aurpegirik barregarrienak jartzen dituzunekoa lotsak alde batera utzita.

Senitartekoak pozik daude. Miyukirenak txikiarekin batera etxean lasai gaudela dakitelako, eta nireak horrez gain momentua bizitu dezaketelako. Ilusioz gainezka gaude, Akiraren etorrerak ikasteko asko eskainiko digu, maitasun asko eman eta jasotzeko aukera eskainiko digu.

Familiaz ari garenez, haiek duten esperientzia oso lagungarria da Akira zaintzeko. Unaxek, lehen ilobak (argazki erdian, bidaiatik itzuli eta lasterrera), urte parea badu dagoeneko, eta nire anaia Asier eta Amaia koinata gure aholkulari nagusiak dira haur-oihalak, bainuak…, eta halakoetan.

Gasteizko Udalak aita eta ama hasiberrientzat haur zainketarako oso prezio onean eskaintzen dituen ikastaroak ere aprobetxatzen ari gara.

Baina zoritxarrez mezu honetan guztia ez da poztasuna. Bizitzako kasualitateak, Akira jaio zen egun berean Caracasko Euskal Etxean ezagutu genuen Iñaki Amenabar lagun zoragarria erahil zuten bere etxetik gertu furgoneta lapurtzeko. Geure elkartasuna adierazi nahi diegu haren senitartekoei eta Venezuelako euskal komunitate osoari.

Eskerrik asko bidelagun izateagatik, besarkada bat, Akira, Miyuki eta Eneko.

Nuestros e-mails: miyuki@acercandoelmundo.com - eneko@acercandoelmundo.com

Este boletín se envía a 5083 personas.

Acercando el Mundo © 2008

Este boletín lo envía acercandoelmundo, con CIF G01382456. En relación a la Ley de Servicios de la Sociedad de la Información y Comercio Electrónico (LSSICE) y la vigente Ley Orgánica 15/1999, de 13 de diciembre, de Protección de Datos de Carácter Personal, estamos obligados a comunicarte que tu dirección de correo figura en este momento suscrita a la base de datos de Acercando el Mundo, formando parte de un fichero automatizado de datos, que figura con el nombre acercandoelmundo.com en la Agencia Española de Protección de Datos.

Para darse de baja: haz click aquí